viernes, junio 16, 2006

Globalizazioaren ondorioak.

- "Vía Campesina" munduko nekazaritza mugimendurik handiena da.
- AEBko miliziak
- Intermon Oxfam
- "Manos Unidas" bezalako talde erlijiosoak
- Japoneko sekta erlijiosoak
- Mexikoko indio zapalduak
- Foru sozialak
- Herri mugimendu antiglobalistak
-...

Denek dituzte helburu diferenteak, nahiz denek dauden globalizazioaren aurka. Intemon Oxfam bidezko komertzioaren barruan kokatutako erakundea da eta herrialde pobren ekoizleak laguntzen ditu, euren produktuak prezio zuzen batean ordaintzen dizkielarik. Haren ahulezi bat bere hedapen murritza litzateke, denda gutxi daude eta gutxik ezagutzen dituzte. Haren indarrra litzateke burutzen duten lana, protesta-lan hutsek ez bezala, ondorio onuragarriak dakarzkiola 3. Munduko ekoizleei.

Talde erlijiosoei dagokionez, horiek ere protestaz haratago ekintzak burutu ohi dituzte ("Manos Unidas", "Caritas"...), eta hori euren indarra bat da. Dirua biltzeko kapazitate handia dute, jendeak badakielako diru hori nora bideratuko den. Bestalde, euren ahulezia erlijioarekiko erlazioa litzateke, nire ustez. Kristau ez direnek nekez hartuko dute parte halako erakunde baten, 3. Munduko pertsonei emaniko laguntza mezu katolikoekin nahasten baitute, solidaritatea erlijioarekin identifikatuz.

Badaude talde batzuk, globalizazioaren aurkako manifestazioak eta protestak antolatzera dedikatzen direnak ere. Horiek ez dizkiote zuzenean onurak ekartzen globalizazioaren galtzaileei, baina bai, ordea, zeharka, globalizazioaren aurka egiteko oso garrantzitsua baita haren gaitzak ezagutaraztea, zalatzea. Hori dela eta erabaki dut nik blogean globalizazioari buruz idaztea.


Globalizazioak prozesu baztertzailea da, kapitalismo basatiak menderatutako prozesua. Herrialde garatu eta azpigaratuen arteko alde gero eta handiagoa sortzen du, errekurtso naturalen errauspena eragiten du eta kultura komertziala nagusitzen du beste edozein kultura lokalen gainetik.

Alde batetik, maila kolektibo baten, kapitalismoarekin eta globalizazioarekin munduak berregituraketa bat jaso du. Mundu mailan, esan bezala, herrialde garatuen eta azpigaratuen arteko diferentziak izugarri areagotu dira. Bestalde, gizarteen elkarrekiko dependentzia izugarri handitu da (arlo ekonomiko, kultural zein politikoan).

Batez ere, arlo ekonomikotik datoz larritasun handienak eta, beti bezala, herrialde pobreenei eragiten diote gehien. Globalizazioa, bereziki, prozesu ekonomikoa da, bidean beste gizarte-esparru guztiak inplikatu dituena. Kanpo zorra dela edo komertzioaren arau itogarriak direla, herrialde azpigaratuek herrialde garatuekiko izugarrizko dependentzia dute. Batetik, milioiak eta milioiak ordaindu behar dizkiete herrialde garatuei garai batetan tamalez hartutako mailegu batzuen erruz eta, bestetik, merkatuen agindu krudelen menpe dude. Herrialde garatuentzat ekoizten dute, baina guk nahi dugun beste, guk nahi dugunean eta guk ezartzen dugun prezioan. Gainera, etengabe ikusten ari dugu nolatan dirulaguntzak jasatzen dituzten produktu iparamerrikarrak edota europearrak, hain merke esportazten diren ezen produktu horien ekoizle nagusi diren herrialdeei ezinezkoa zaien haiekin lehiatzea. Izan ere, "Las Semillas de la Ira" bideoan esaten zen bezala, "los paises pobres cuanto más reciben menos tienen, cuanto más venden menos cobran, necesitan trabajar más para ganar menos...". Lotura globalak anitzak dira; baina batzuen eta besteen egoera zeharo desberdina da. Batzuek abantaila gehiagorekin jokatzen dute merkatu "librea" deritzon horretan (multinazionealek zuzentzen duten merkatu "librean")

Kulturari dagokionez, homogenizazio kultural baten aurrean gaude. Globalizazioak mundua puntatik puntara konektatu du. Mass mediei esker, denek jasotzen ditugu irudi berak, guztion gustuak, pertzepzioak eta lehentasunak markatzen dituzten irudi aukeratuak, subjektiboak. Askotan, botere ekonomikoak kontrolatutako irudiak dira, gainera. Entretenimendu hutsezko kultura zabaltzen da, kultur berezitasunak suntsitzen diren bitartean. Gainera, irailako 11tik aurrera, terrorismoarekiko beldurra hedatu nahi da, zeinak aliatuak edo etsaiak bilakatzen ditu pertsona guztiak. Hala ere, aitortu beharra dago hedabideen manipulazio itzela badago ere, oraindik nortasun kolektibo lokalak mantentzen direla neurri batean. Ohitura batzuk unibertsalizatu egin diren arren (janzkera, elikadura...) oraindik ohitura lokalak mantentzen dira (dantzak, hizkuntzak...). Gainera, globalizazioaz zentzu kritiko baten hitz egin ahal izateak adierazten du oraindik burmuina ez dugula guztiz janda, oraindik ez gaude George Orwell-ek deskribatutako "1984" baten.

Politikari dagokionez, demokrazia ordezkatzailearen printzipioak zabaldu dira, eta horiek hartu ez dituzten herrialdeetan ere, onartu egiten da printzipio horien baliogarritasuna. Baina okzidentek zabaldutako demokrazia, gizabanakoa gero eta parte hartze txikiagoara bultzatzen duen sistema da. Jende askok politika arrunt eta politikarienganako konfidantza galdu egin du, aldiz, beste bide politikoetarako joera ugaritu delarik (herri mugimenduak...).

Kontraesan ugari dago gizarte global honetan, hala nola, boterearen eta legitimazioaren arteko gatazka. Bai arlo politikoan (Europar Batasuna, Nazio Batuen erakundea...), ekonomikoan (Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea, Europar Batasuna, Europako Merkataritza Askeko Elkartea, MERCOSUR, Munduko Bankuaren Erakundea, Nazioarteko Moneta Funtsa...) zein militarran (OTAN, NATO), lurralde edo kontinenteen integrazioarako erakundeak daude. Munduko erakunde boteretsuenak dira hauek (batzuk ez hainbeste, NBE-k ez baitu botere errealik), baina legitimazio demokratiko txikieneko erakundeak dira aldi berean. Nazioarteko erakundeak, estatuek sortzen dituzte, eta estauek euren burua erakunde haien agindura jartzea aukeratzen dute. Baina gehienetan herritarrek ez dute erakunde horietan parte hartzerik nahi ote dutenentz azaltzen, eta nahiz eta euren partehartzea onartu, geroagoko erabakietan ezingo dute deuz esan. Gainera nazioarteko erakundeen inguruko kontsultek ez dute partizipazio handirik, urrun geratzen diren erakundeak direla argi eta garbi islatuz (adibidez, Europako konstituzioaren inguruko erreferendum-ak). Azkenik, azpimarratu beharra dago gure eskuetatik eskapatzen diren hainbat erabakik (nazioarteko erakunde horiek hartzen dituzten erabakiek) gure bizitza eta ingurugiroa gidatzen dutela. AEB-tako politika industrialek mundu osoko ingurugiroa kaltetzen dute, baina soilik AEB-tako biztanleek aukeratzen dute munduaren jabe moduan jokatzen duen presidente estatubatuarra.

Globalizazioak portaera politiko kolektibora ekarri dituen aldaketa nagusietariko bat estatuen botere-galtzearena izan da. Estatuek arlo sozialeko zein ekonomikoen gaineko monopolioa galdu dute. Globalizazioaren aldeko indarren ondorioz, estatuek kontrolatzen ez dituzten kanpo indarrek eragiten dute herrialde bakoitzaren ekonomian zein politikan. Adibide hurbil bat aipatzearren, Europar Batasunarekin ikusten dugu nolatan estatuek Europako araudiara moldatu behar diren, haren aurka ezer egin dezaketelarik. Baina Europako herrialdeek ez daude soilik EB-aren aginduen menpe, baita Mundu Bankuaren menpe, Nazioarteko moneta Funtsaren menpe... daude baita zenbait kasutan beste herrialdeen menpe ere: AEBk markatzen dituen pauten menpe, edota Petrolio Esportatzaileen Herrialdeek markatzen dituzten petrolio-prezioen menpe... Lehen esan bezala, elkarrekiko dependentzia izugarria da. Batzuek besteen lehengaien menpe daude, beste batzuk besteen duirulaguntzen menpe (orain Palestinak bizi duen krisi egoerak argi erakusten du kanpo-dirulaguntzeekiko duen dependentzia)... Larritasun garaian (gerren ondorioz, hondamendi naturalen ondorioz...), gainera, areagotu egiten da interdependentzia hau.

Nazioarteko erakundeek, bereziki, estatuen ekonomi arloan eragiten dute, baina ez soilik. Europar Batasunak hainbat lege aldarrikatu ditu (eta orain konstituzioa idatzi berri du) eta Nazioarte mailako auzitegiak zein herrialde desberdinak biltzen dituzten auzitegiak dude baita ere: Haya-koa, Europako auzitegi desberdinak (Justizia Auzitegia, Giza Eskubideen Auzitegi Europearra...), Nazio Batuen Nazioarteko Justizia Auzitegia, "Corte Centroamericana de Justicia", "Corte Interamericana de Derechos Humanos", "Tribunal Internacional del Derecho del Mar", "Tribunal Penal Internacional para la ex Yugoslavia", "Tribunal Penal Internacional para Ruanda".... Gainera, Nazio Batuek onartutako lurraldeetan, indarkeria militarra erabili daiteke, herrialde batzuen subiranotasuna urratuz horrela (zehaztu beharra dago Nazio Batuek onartzen ez dutenean ere herrialde batzuek euren armada inposatu dezaketela beste herrialde batzuetan: AEBk Iraq-en egin duen bezala).

Baina nazioarteko erakundeak ez dira estatuei boterea kendu dioten bakarrak. Multinazionalek eta euren lobby ekintzek ere, izugarri ahuldu dute estatua. Estatuak ezin du gizaki orok lana izateko duten eskubidea bermatu, multinazionalak inolako kontrolperik gabe badaude. Gaur egun, multinazionalek haiek nahi dutenean euren fabrikak eskulan merkeagoko herrialdeetara eroan dezakete hamaika lanpostu bertan behera utziz (adibide gertuenak Nafarroako eta Gasteizko kotxe multinazionalena dugu). Multinazionalen botere ekonomikoa hain handia da ezen ingurugiroan, merkatuaren legean, eta hamaika gauzetan agintzen duten.

Bestalde, behetik eraginda ere galdu dute estatuek boterea; orain herri mugimenduen, sindikatuen... presioa dutelarik. Gizarte mugimenduek joera eta identifikazio berriak proposatzen dituzte. Esatuak, askotan, eskaera berriei aurre egin behar die, batzutan berauek arautzen dituelarik. Orain dela gutxi COPE-koek hainbeste kritikatu duten Genero Identitatearen Legea onartu du PSOE-k, pare bat hamarkada lehenago pentsaezina zelarik lege hori.

Globalizaioak dakarren beste portaera politiko kolektibo bat, sistema demokratiko okzidentalaren eta kapitalismoaren inposizioa da. Okzidenteko baloreen arabera epaitzen da mundua. Balore horiekiko kritikagarriak diren jokamoldeak deusestatzen dira eta berriak inposatzen saiatzen dira (komenigarria denean behintzat, izan ere, hemen betiko tiraniaren aurrean gaude: herrialde bat komertzialki laguna denean, berdin dio diktadura den, sarraskiak egiten dituen... baina etsaia denean, haren sisteman politiko ustela bota beharra dago, okzidenteko demokrazia marabillosoa ezartzeko). Honekin ez dut esan nahi herrialde askotako sistema diktatorialak edo monarkia absolutoak gaitzetsi behar ez direnik, baina zalatzen dudana da, alde batetik, soilik interes ekonomikoa daudenean gaitzetsi egiten direla eta, bestetik, sistema hurak indargabetzeko erabiltzen diren metodo militarrak (zeinetan zibil ugari hiltzen diren...) ez liratekeela bidea izan behar.

Globalizazioak dakarren beste gauza garrantzitsuenetariko bat, haren aurka altxatzen diren mugimendu eta korronteak dira. Globalizazioak dakarren kultur homogenizazioaren aurka, lokalismoen defentsa sutsua indartu egin da. Kapitalismo globalistaren aurka, alternatiba politiko berriak agertzen dira (latinoamerika ikusi besterik ez dago)... Beraz, esan daiteke globalizazioa hasi den heinean, globalismoaren aurkako jarrerak ere indartu direla. Globalizazioa zenbat eta bortitzago bihurtu, sortzen duen dikotomia eta gaitzespena are handiagoa da.

Ingurumenari dagokionez ere, globalizazioak erabaki globalak hartzea eragin du. Baina ezinbesteko erabakiak dira hauek, izan ere, ingurumenarena arazo globala da: hau da, AEBk kutsatzeak ez dio soilik berari eragiten, baizik eta mundu osoko ozono geruzari, egitez, beste lurraldeetako ozono geruza kaltetzen du gehiago berea baino. Eta ez du solik ozono geruza kaltetzen, baita desertizazioa, klima aldaketak, uholdeen ugaritzea... eragiten du ere. Fenomeno berri horren aurka protestatzeko, nazioarte mailako erakunde ekologistak sortu dira (baita herri mugimendu lokalak ere). Erabaki globalak hartzen dira (adibidez kyoto), baina borondatezkoak direnez, ez dute inposizioarako indarrik, herrialde guztiek ez dute zertan sinatu behar. Gauzak horrela, gerta daiteke gehien kutsatzen duen estatuetako bat, AEBk, ez dituela hitzarmen ekologistak sinatzen.

Jakina, esan beharra dago globalizazioak ez dakartzala aldaketa berdinak herrialde guztientzat. Estatuarteko sistema globalean (nazioarteko erakundeetan, auzitegietan...) denek ez baitute berdin parte hartzen (batzuek parte harzteko aukerarik ere ez dute). Nazio Batuen Erakundearen erabakiek, adibidez, beto eskubidea duten 5 herrialdeei ezer gutxi inposatu ahal izango diete.

Klase sozialei dagokionez, esan beharra dago jada ez dagoela nobleziarik edo burgesiarik, baina bai ordea klase enpresariala edo enpresario ez diren klase altuak eta klase baxuak. Orain klase ertainak inoiz baino kopurutsuagoak diren arren (okzidenten betiere, garapen bidean edo garatu gabe dauden herrialdeetan klase baxuak baitira nagusi).

Bukatzeko, zibilizazioen arteko talka aipatu beharra dago. Globalizazioaren ondorioz mundua txikitu egin da: lehen isolaturik bizi ziren zibilizazio desberdinak hurbildu egin dira. Erlijioa dela, ohitura desberdinak direla, edo dena delakoa, zibilizazioen arteko desadostasunak arazo larria bihurtu dira azkenaldian (batez ere mundu islamiarra eta mundu okzidentalaren artean), batzuetan desadostasunak gerrarako aitzaki bezala erabiliak baino ez badira ere. Globalizazioari esker, Holandan publikatutako karikatura bat (islamismimoaz trufatzen zena), Ekialde Hurbilera iristen da eta horrek hainbat hildako soertatzen ditu.

Baina, noski, nazioarte mailan gertatutako gerrak eta gatazkak zein nazioarte mailan hartzen diren erabaki guztiak, estatuei maila kolektiboan eragiteaz gain, indibiduei ere eragiten diote. Beraz, horien bidez globalizazioak ere aldaketak dakartza maila indibidualeko portaera politikora.

Alde batetik, globalizazioari esker hainbat pertsonen adimena ikaragarri zabaldu da. Beste kulturak eta ohiturak ezaguturik, tabu asko apurtu eta tolerantzia, multikulturalismoa... zabaldu egin dira. Baina beste kulturekiko interakzioak beste erreakzioak ere ekarri ditu. Zibilizazio desberdinen arteko talka areagotu egin den bezala, pertsona batzuen arrazismoa ere handitu da. Bereziki inmigrazioaren ondorioz, arraziosmo eta xenofobia zabaldu da, hainbat lekutako ultraeskuindarrek ekintza bortitzak bideratzen dituztelarik minoria batzuen aurka (eta batzuetan ez soilik minoria arrazialen aurka, baita arraza bereko talde baztertuen aurka ere). Izan ere, globalizazioarekin ondasunen zirkulazio askea zabaldu da, baina ez ordea pertsonen zirkulazio askea. Inmigrazioa oraindik "ilegala"-ren adjektiboa du, segun eta inmigrantea nungoa den eta nora doan, noski. Okzidentalek edonora mugitzeko askatasuna dugu, baina herrialde azpigratuetako edo garapen bideetako pertsonek ez dituzte mugimendu eskubide berak.

Eskubideak aipaturik, esan beharra dago baita ere, pertsona guztiek ez dutela eskubide berak lortu. Nazio Batuek igorritako Giza Eskubideak, teorian, pertsona orori badagozkie ere, errealitatean denen eskubideak ez dira berdin errespetatzen (Guantanamo bat existitzeak adierazten duen moduan). Bestalde, hainbat eskubide errespetatzeko ez du balio hurak ez-urratze soilarekin, aldiz, hurak egi bihurtzeko esfortsuak egin behar dira (adibidez pertsona oro elikadurarako duen eskubidea bermatzeko). Hau, gainera, ez da herrialde azpigaratuetan ematen den errealitatea soilik, gure artean ere eskubide anitz urratzen direlako, salbuespen egoerak sortuz, edota, esan bezala, beharrezko bideak ez jarriz eskubide horiek bermatzeko. Estatu espainiarrean bertan, konstituzioaren 47. artikuluak hurrengoa dioen arren, milaka pertsonek ez dute gurasoen etxea usteko aukerarik: "Todos los españoles tienen derecho a disfrutar de una vivienda digna y adecuada. Los poderes públicos promoverán las condiciones necesarias y establecerán las normas pertinentes para hacer efectivo este derecho, regulando la utilización del suelo de acuerdo con el interés general para impedir la especulación. La comunidad participará en las plusvalías que genere la acción urbanística de los entes públicos". Legeak lege baino ez dira, hain goren eta ukiezina den konstituzioa bada ere.

Globalizazioarekin bizi estilo zehatz batzuk zabaldu egin dira: elikadura ohitura txarragoak zabaldu dira, kontsumismoa zabaldu egin da, markismoa, indibdualismoa... Indibidualismoari dagokionez, horrek aldi berean gizakiak talde berrien kide sentitu nahi izatera bultzatu ditu, elkartasun-lotura berriak bilatzen direlarik.

Globalizazioak alderdi positiboak ere baditu, jakina: munduko beste puntako pertsonekin bat-batean komunikatu ahal izatea, edozein herrialdeko gertaeren berri izatea, internet-en abantailak (denok abantaila horietaz ezin dira baliatu, ordea), txerto bat asmatu eta mundu guztiara zabaldu ahal izatea... Nahiz eta azken horren inguruan zalantzak ditut nik. Izan ere, botika-enpresen jokabideak ez ohi dira munduko gaitza guztiak sendatu nahi duten horietakoak, euren patenteen gaineko lizentziak ukatzearekin adierazten duten bezala.

Baina alderdi positibo horiek ezin dute estali globalizazioa ekarri dituen hamaika zorigaitz. Globalizazioak ahalbidetzen du herrialde aberatsenek milioiak eta milioiak biltzea herrialde pobreagoen mesedetan, aldiz, dirutza ikaragarriak baliazten dira gerra egiteko pobreziarekin akabatzeko erabili ordez. Gaurko mundu globalizatuaren hainbat gaitz argi eta garbi ikustearren, hainbat datu enpiriko:

- Munduko biztanleriaren %12-a munduko kontsumoaren %60 egiten dute.

- Zerealaren merkatuaren %80-a 3 enpresek kontrolatzen dute (merkatu librea??)

- Botiken enpresek 3. Munduko herrialdeetan egiten dituztenak, itzelak dira: Alde batetik, gaixoek beharrezkoak dituzten sendagaien gaineko patenteak dituztenez, beste enpresek ezin dute sendagai horiek ekoitzi herrialde txiroetan merkeago zabaltzeko. Bestetik, hainbat zalaketa egoten dira sendagai berrien frogak egiteko 3. Munduko pertsonez baliatzen omen direlako hainbat enpresa, txiroak animaliak bailiran tratatuz.

- Herrialde garatuetatik, genetikoki eraldatutako haziak zabaltzen dira herrialde azpigaratuetan. Nekazari askok hazi hauek erosten dituzte, zeinak oso garestiak izateaz gain, dependentzia ikaragarria sortzen dute. Izan ere, antzuak direnez, ezin dira hurrengo uztetan erabili eta, ondorioz, urterik urte erosi egin behar dira, familien elika-bideak arriskuan jarriz. Eta zer esaterik ez, genetikoki eraldatutako hazi horien osasun ziurtagiri zalantzakorrei buruz.

- Kanpo zorra: Herrialde azpigaratuen garapena ekiditzen duen oztopo larria da. Herrialde pobreek euren biztanleen garapenerako erabili beharko luketen dirua kanpo zor itogarriak ordaintzera bideratzen dute. 70ko hmarkadan Iparraldeko herrialdeek %4-5-ko interes tasan maileguak eman zizkieten herrialde pobreei, baina finantza krisia sortu bezain laister, herrialde hauek euren interes tipoak izugarri handitu zituzten, herrialde zordunen maileguen interesak %16-18 inguruan kokatu zirelarik. Herrialde pobreek gehiago produzitzeari ekin zioten, zorrak ordaindu ahal izateko, baina horrek merkatua lehengaiez gaineztatu zuen, prezioen beherakada eraginez. Horrek gauzak larriagotu zituen eta 1968an zorrek 50 milio dolar suposatzen bazituzten, 1980an 600 milioi dolar suposatzen zituzten. Gaur egun, herrialde pobreen zorra 2,4 milio dolar inguru kokatzen da. Herrialde zordunek euren BPG-aren %1.3-a bideratzen dute zor hauek kitatzera eta herrialde aberatsek, aldiz, ez dute euren BPG-aren %0.7-a ere garapenerako laguntza moduan bideratzen. Honduras-eri, zehazki, 90 milioi dolar mailegatu zitzazkion 70ko hamarkadan, presa hidroelektriko bat egiteko. 1997rako 250 milioi dolar ordaindu zituen, soilik interesak suposatzen zuelarik hori. Oraindik hasierako 90 milioiak ordaindu behar ditu. Espainiak, guztira, 9.825 milioi euro barkatu beharko lieke herrialde zordunei. Guztiz bideragarria da kanpo zorra zeharo barkatzea, ez balego horretarako dirurik, Irakeko gerra egiteko ere ez bailegoke.

- AEB-tan ekoiztutako azukrea, Honduras-en ekoiztutakoa baino merkeagoa da, AEB-tan diru-laguntzak baitituzte. Eta logika hau beste hamaika produktuei aplikatu dakioke.

- AEB-tan soilik kosmetikoetan gastatzen den dirutzarekin, oinarrizko hezkuntza unibertsalizatu zitekeen. Gastu militarraren %1-eko murrizketarekin, munduko ume guztiak sartu zitezkeen eskoletan. Europako izozki kontsumoak suposatzen duen diruarekin, herrialde pobreetako ur, elikadura eta osasun gabeziak konpondu zitezkeen.

- Munduaren heren batek opulentzian bizi den bitartean, beste bi herenek pobrezian bizirauten dute. Era eta maila askotako pobrezia da hori: ur edangarria faltan izateagatik gaixotutako pertsonak; txarto elikatutako umeak, hirietako kaleetan zehar eskale dabiltzatenak; lan- eta sexu-explotazioa; errefuxiatuak, baztertuak eta inmigranteak; analfabetismoaren ondoriozko baztertuak; HIESA duten gaixoen bazterketa...

- Herrialderik aberatsenaren eta pobreenaren arteko distantzia 11tik 1erakoa zen 1913an; 35tik 1erakoa 1950an; 44tik 1erakoa 1973an; 72tik 1erakoa 1992an eta 74tik 1erakoa 1997an.

- Egunero 3.000 emakume eta ume, giza trafikoaren merkatu ilegalaren biktimak dira: lanerako giza trafikoa, sexurako trafikoa eta baita aberatsen organo-trasplanteetarako gizakien trafikoa. Datu ikaragarriak dira, adierazten dutenak pobreak zaborra bailiran tratatzen dituztela haien gainetik daudela uste duten aberatsek.

- 6ko eskala duen terremotoak 3 hildako sortzen ditu San Frantziskon eta 30.000 Turkian.

- Teknologia berriek aurrerakuntza izugarriak dakartzate, baina ez denei. Munduko biztanleriaren %50-ak ez du bere bizitza osoan dei telefoniko bat ere egin.

- Munduan 840 milioi pertsona gosea pasatzen dute, zeinetatik 799 milioi 3. Munduan bizi dira.

- Herrialde garatuen barnean ere diferentzia handiak daude batzuen eta besteen artean. Estau Espainiarrean, adibidez, gazteen artean %20ko langabezia dago, %50ko lan-aldikotasuna, hamaika lan-istripu, etxebizitzarako aukerarik ez (aberats ez bazara edo 50urtetan zehar hipoteka itogarri bat ordaindu nahi ez izanez gero, behintzat)...

Azkenik, "El Libro Negro de las Marcas" liburuan agertutako hainbat datu aipatuko ditut, zeinak globalizazioaren ikuspegi are ezkorragoa erakutsiko duten.

- 14 urtetik beherako 12 milioi ume lan egiten dute (explotazio pean) okzidentek erosten duen arropa, jostailuak edo ordenagailuak ekoizten.

- Indonesian emakumeak lanetik kanporatu egiten dira hilekoa dutenean, denbora gal ez dezaten komunera joaten; jakina, egun horietan ez zaienez ordaintzen, emakume askok lanera joaten saiatzen dira, horretarako arropa zabal eta beltzak jansten dituztelarik odol markak estaltzeko (konpresarik erosteko dirurik ez baitute).

- Addidas, Nike, Reebook, H&M, KRAFT, Chicco, Samsung, Siemesn, Exxon mobil, Mc Donald´s, Nestle, Coca-Cola, Supermercados ALDI , Deutsche Bank, farmazeutikak orohar (Bayer, Boehringer, Ingelheim...), Mitsubishi, Mercedes, ELF, etab. etab. oso negozio zikinak egiten dituzten egundaka enpresen izen batzuk dira. Langileak lan-baldintza penagarrietan mantentzen dituzte, 16 ordutako lanaldiak, soldata miserableak, akoso sexuala, eskubiderik eza, higienerik eza.... Ez ditut denen azpijokoak zerrendatuko, baina ideia bat egitearren. 3 adibide:

1) Chicco multinazionaleko fabrika txinatarra batean sute bat gertatu zen 1993an. Bertan 87 langile hil egin ziren, lehioak barroteak zituztelako eta soros-irteerarik ez baitzegoen (langileen lapurretak ekiditzeko neurriak ziren hauek).

2) Enpresa askok konflikto armatuak finantzatzen dituzte, bide eta arrazoi ezberdinengatik. Esate baterako, hainbat enpresek (Bayer adibidez) tantalo izenko lehengaia (produktu teknologikoetarako) erosten diote Congoko miliziei, horrekin kongoko gerra finantzatzen dutelarik

3) Nestle, munduko elikadura enpresarik handiena. Enpresa honek, lan explotazioa egiteaz gain, 3. Munduan eskrupulurik gabeko kanpaina mediatikoa burutu du: amak euren umeei titia ematari uztera bultzatzen zituen iragarkiak igorri zituzten, gero haien artean euren hauts-esnea banatzeko. Hasiera baten dohanik banatzen zuten hauts-esnea, amek titia emateari uzteko, gero ama horiek esnerik gabe geratzen zirenean derrigorrez produktu horiek erosi beharko zituztelarik. Gainera, aipatu beharreko datua da urtean 1.5 milioi ume hil egiten direla ur ez-edangarriarekin esnea nahasteagatik. Gaur egun, Nestlek amaren esnea umeentzako produkturik egokiena dela jarri behar du bere esne produktuetan, baina 3. Munduko ama gehienek ez dakite irakurtzen...

Honek guztiak erakusten digu kontsumo arduratsua egin beharra dagoela, opulentzian erori gabe eta enpresa ekoizlen jokabideetan erreparatuz.

2 comentarios:

unafresa dijo...

Me gustaría saber vasco para traducir ese texto que se me antoja interesante.

Anónimo dijo...

jainko maitea, egia esan behar dot, ez dut artikulua irakurri, luzeegia da niretzako, baina pozten nau blog batean euskara ikustie.

Agur ta ondo ibili