lunes, mayo 15, 2006

Abiadura Handiko Trena

Euskadiko AHT-aren istorioa 8Oko hamarkadaren amaieran du jatorria, Madrileko gobernuak Abiadura Handiko Trenak hedatzea proposatu zuenean. Lehenengo trenbidea Madril- Sevilla (1992ko Expoarako sortua) izan zen eta horren atzetik beste batzuk etorri ziren. Mundu mailari dagokionez, lehenbizikoa Tokio-Osaka trenbidea izan zen, Tokio-ko Joku Olinpikoak zirela eta, 1964an sortua. Europa mailan 1981an jaio zen, Paris-lyon trenbidearekin. "Y vasca" deritzona, TEN (Redes TransEuropeas) deritzonaren diseinua izan da (ez Euskadiko gobernuarena, honekin autonomia gehiago lortzen dugula esaten digutenean sinestarazi nahi diguten moduan). Nahiz esan beharra dagoen gerora Europak proiektua bere lehentasunen zerrendatik baztertu zuela (dirua, beraz, baztertu zuela).

1998an Euskadiko AHT-aren kontrako alegazioetarako epea bukatu zen (orain ematen ari zaio bonbo gehiago hedabideetan, jada zer egiterik ez dagoenean).

2002. urtearen amaieraldera estudio geoteknikoak burutzen hasi ziren, eta sorkuntza proiektuen erredakzioa egin zen ondoren. PP-ren gobernuak Euskadiko AHT-aren lehenengo obren lizitazioa eman zuen, baina gobernu aldaketarekin, obrak atzeratu egin ziren.

Ustez 2010. urterako eraikita egon beharko luke, baina politikoek beraiek aitortu bezala, epe hori betetzea zaila izango da.

Trenbidea eraikitzeko EAJ-k eta PSOE-k adostutako formula hurrengo da: Gipuzkoako lurraldeko zatia Euskadiko gobernuak eraikiko du, Bilbo-Gasteiz zatia Estatu Espainolaren eskutan geratuko delarik. Aurrekontua Madrileko gobernuak jarriko du, Euskadik dirua aurreratuko badu ere (kontzertu ekonomikoak ezarritakoaren arabera).

Antzerako zerbait egingo da Nafarroako korredorearekin (AHT-rekin lotura izango duena): Nafarroako gobernuaren aurrekontua erabiliko da obrak egiteko eta, gero, Madrileko gobernuari urtero egin beharreko ordainketatik deskontatuko da dirua, Nafarroako konbenioaren arabera.

Sei geltoki aurreikusten dira: Bilbao-Abando, Gasteiz-dato, Irun, Donostia-Iparra, Ezkio-Itxaso (Gipuzkoako Goierrin) eta Eubako Durangoaldean.

Batzuek, besterik gabe, ezetza ematen diote proiektuari haren beharrik ikusten ez dutelako. Beste batzuk "Tren Soziala"-ren alternatiba aipatu egiten dute, baina proiekturik garatu gabe. Nik ez dut uste bidaiariak lekualdatzeko tren azkarrago baten beharra dugunik, izatekotan errepideetatik kamioiak kentzeko beharko genuke eta hori lortuko ote den zalantzagarria da (gainera, nahiz eta hiriburuetara trenez heldu, gero tokian tokiko deskargak egiteko kamioiak erabili beharko lirateke).

EAEko bidaien %97-a eskualdeen artekoa izaten da eta soilik %0.45-a hiriburuen artekoa. Gainera, jada existitzen diren garraiobide publikoen abiadura ez da hain motela. Bestalde, Ezker Batuak zalatu zuen bezala, kapitalen artean ematen den lekualdatze gutxi horien %33-a ikasleen lekualdatzeak dira eta hauek, jakina, ezingo dute 18 euro inguru kostatuko duen bidaia egunero ordaindu (18X2=36 euro egunero).

Gastatuko duten dirutza ikaragarriarekin (6.000 milioi euro inguru) dagoeneko existitzen den garraio publikoa doakoa jarri liteke (horren ordez, Bizkaibusek joan den astean bigarrenez igo ditu bere tarifak urte bakarrean), edo zerbitzuak handitu (autobus eta tren gehiago jarri, autobusa eta trenaren ordutegiak zabaldu gauean lan egiten duen jendeak erabili ditzan...). Baina, jakina, dirutza hori denontzat ez da gastua izango, enpresa batzuk euren poltsikoak beteko baitituzte diru publikoari esker (eta ziur asko enpresa horien lobby-a dago proiektu honen atzean) eta, bide batez, alderdi batzuen kutxak ere.

Gastu ekonomikoaz gain, AHT-ari egin ahal zaizkien kritika nagusiak hurrengoak dira:

- Inpaktu ekologiko izugarria inzango du: Kontutan izan da Euskadiko paisaia mendiz beteta dagoela, inpaktua ikaragarria izango da. 128 km hartuko dituen tunel sare bat, 55 zubi (4.760 metro), 4.020 metro lubeta, 4.400 metroko luerauzi, mendietako ebakidurak,... orografia zeharo aldatuko du trenak, horrekin batera ekosistema ugari txikituz (eta bertoko animaila ugari hilaraziz). 230 km/orduko abiaduran joateko diseinatuta dagoenez, bihurgune oso zabalak eta aldapa oso txikiak behar dira, beraz, lurzail gehiago sapustu beharra. Ibilbidea egiteko lur masa handiak alde batetik bestera mugitu beharko dituzte. Ateratako zoberakinak uzteko zabor biltegiak egin beharko dituzte (830.000 metro karratu inguru zabortegietarako). Bestalde, AHT-aren kontsumo energetikoa bidaiari bakoitzeko hegazkinaren antzerakoa da, eta erabilitako lurzoruari dagokionez, autopisten antzerakoa. Trenak beharrezkoa duen energia kantitateak lortzeko zentral nuklearretara jo beharko da. Neurri txikiagoan energia hori lortzeko beste zentral mota batzuk erabiliko dituzte ere, hala nola, gas naturalekoak, hidroelektrikoak, erregai fosilekoak... Zentral horietako gehienek ingurunea kutsatzen dute. Gainera, ezin ahaztu trenaren ibilbidea eraikitzeko isuriko diren pestizidak, erabiliko diren lehergaiak, hozteko sistemak... Jakina AHT eraikitzeko lehengai ugari beharko dira eta, ondorioz, harria, basaltoa, porlana... eskuratzeko kanteren gainesplotazioa emango da.

- Gizarteari ez dakarkio onurarik: Kapitaletan soilik ditu geltokiak eta, beraz, ez ditu herriak lotzen.

- Gainera, hiriburuekiko mendekotasuna areagotuko du. Hiriburu handietara ekintzak lekualdatzen dira, 1. sektorean galerak sortaraziz eta hiriaren eta baserriaren arteko desberdintasunak areagotuz. AHTak produkzioaren deslokalizazioa areagotuko du, izan ere, nazioarteko garraioa ziurtatu egiten zaie multinazionalei. Honek Euskadin lanaren prekarietatea eta langileen eskubideen urraketa ekarriko du, eskulan merkeagoko herrialdeekin konpetentzia egin beharra argudiatuko baita.

- Osasun kalteak ere ekarriko ditu: Trenaren abiadura handiek zaratak eta dardarak eragingo dituzte (kutsadura akustikoa), trenatik hurbileko auzokoek ondorioak pairatu beharko dituztelarik. Trenak mugitzeko beharrzkoak dituen 25.000 vatioko energiak eremu elektromagnetikoak sortuko ditu haren inguruan. Inpaktu bisuala ere emango da, paisaiaren degradazioa dela eta.

- Ustez errepideetako trafikoa murriztuko bada, nola azaldu liteke Supersur eta A-1 autopisten sorrera edo A-8-ren zabalkuntza? Bada, trafikoa murriztu ezezik trafikoa areagotuko duelako, izan ere, eskaintza handitu egiten denean eskaria ere handitu egiten da.

- Errentaren birbanaketaren gaineko ondorio ezkorrak izango ditu, herritarrok ordainduko baitugu eta elite murritz batek erabiliko baitu.

- Proiektua aurrera eramateko izan duten moduaren inguruko hainbat kritika ere daude: proiektuaren diseinuan parte-hartzeko aukerarik ez, aurkeztutako alegazioen baztertzea (1.600 alegazio inguru aurkeztu dira), desinformazioa, manipulazioa... Izan ere, gobernuak etengabe mezu positiboak igorri ditu, askotan gizarte osoa horietan inplikatru duelarik, gainera ("La sociedad dice sí al TAV", adierazpen guztiz faltsua, izan ere, gizarteko benetako adierazpen bakarrak herri ekimenetatik, sindikatuetatik... etorri dira eta AHT-ren aurkakoak izan dira). Errealitatean ez da interes orokorreko proiektua, hainbat talde ekonomiko eta politikoen interesekoa bazik.

"Asamblea anti-TAV" elkarteak urrunago doa bere kritiketan, ez baitu AHT proiektu isolatu bat bezala kritikatzen, baizik eta gaur egun nagusi den eredu sozio-ekonomiko-aren ondorio bezala. Izan ere, haien ustetan, garraioa (gainontzeko sektore ekonomiko guztiak bezala), gizartearen ereduaren eta interesen araberakoa da.

EAE nazioarteko merkantzien garraioarako gune garrantzitsu bihurtu nahi da, "gran plataforma logística Atlántica" delakoaren baitan. Horrek esan nahi du trafikoa murriztu ezezik, trafikoa areagotu egingo dela. Merkatu bakarrak, merkantzien garraioaren areagotzea dakar, eta areagotze horri konponbidea eskeini ordez, AHT-ak garraio fluxu hori martxan jarrai dezan bitartekoak jartzen ditu.

Obra erraldoi batzuk gure poltsikotik ordainduko ditugu, gure herriari onurarik ekarriko ez badio ere.

Eusko Jaurlaritzak burututako inkesta baten arabera, inkestatuen %75ek AHT-a beharrezkoa dela uste du. Proiektuaren ezagutza mailari dagokionez, %82ak AHT-az zerbait entzun dutela aitortu du, %51ak eztabaidatzeko ezagutza nahikorik ez duela aitortu du eta inkestatuen %63.4ak informazio falta salatzen du. Hau da, gizartearen erdiak ez du proiektua ezagutzen, beraz, AHT-a beharrezkotzat jotzen duten biztanleen %75-aren kopurua hutsala da.

Gobernutik AHT-aren ustezko abantailak azpimarratu besterik ez da egiten, gauzak horrela, haren beharra justifikatzeko hurrengo adierazpenak egiten dituzte:

- Bidaiak motzagoak izango dira: Donostitik Bilbora 38 minutu (gaur, trenez, ordu bat eta 38 minutu. Baina talgoan 42 minutu). Donostitik, Gasteizera 24 minutu (orain, trenez, ordu t'erdi baino pixkat gehiexeago). Madrilera iristea, ordea, 2 ordu eta 15 minutu eramango ditu AHT-arekin. Horrek herritarren aisiladia handituko duela azpimarratzen dute.

- Kyotoko protokola betetzen lagunduko dutela baieztatzen dute AHT-aren aldekoek, egunero 1.200 kamioi eta 5.400 auto errepidetik kenduko omen dituelako. (Baina ez du bestelako aipamenik egiten, esate baterako, zenbat nekazaritza lur suntsituko dituen, tunelak eraikitzeko zenbat mendi txikituko diren, zenbat argi indar beharrezkoa den AHT funtzionatzeko...).

- Gobernuaren kalkuloen arabera, 5 urtetan zehar 9.000 lanpostu sortuko dira, horietatik 6.100 zuzenak izango liratekeelarik (ez ditu aipatzen, ordea, desagertarazioko dituen nekazarien lanpostuak). Bestalde, euskadiko lehiakortasuna eta esportazio ahalmena handituko omen da, 2010tik aurrera urtero BPG-aren %0.61ko igoera ekarriko duelarik hori.

-Egun daukagun trenbide sarea ez du Europakoarekin lotzeko balio, trenbidearen zabalera ez baita berdina. AHT-rekin Europako sareekin bat egitea posible izango da.


Hainbesteko garrantzia duen gaia izanik, AHT-aren inguruko debatea maila guztietara luzatu beharko litzatekeela uste dut. Ondorio ekonomiko handiak izango ditu, diru mordoa erabiliko baita eta, ondorioz, diru hori beste edonon inbertitzeari utziko zaio (beste garraioetan, beste beharrizan sozialetan...). Biztanleen dirua inbertituko denez, jendeak ezagutu beharko luke proiektuaren nondik norakoak. Gainera, inpaktu ekologikoa, akustikoa, paisaiaren degradazioa, bizi maila-ren kalitatearen murriztea, nekazal lur ugariren desagerpena... ondorio larri eta ugariegiak dira era ezkutu baten (edo, behintzat, eztabaidarik gabeko era baten) halakorik aurrera eraman ahal izateko.

EUDEL elkarteak zer esana izan beharko luke, jakina, udaletxeek bai proiektuaren alde edo kontra egiteko nola euren ustez beharrezkoak liratekeen proposamenak plazaratzeko. Adibidez, trena kapitaletan geratzeaz gain, beste hainbat geltoki izatearen beharraz mintzatzeko... Parlamentuan, noski, gaiak lekua izan behar duela ukaezina da, baina kasu honetan parlamentuaren gehiengoa alde egonik, debatea gehiegirik gabe gehiengoaren norabidea hartu da. Kasu horretan normala deritzot, niri proposamena pertsonalki gustatu ez arren, parlamentuan talde gehienek alde badaude, oposizioa beste sektoreetatik iritsi behar delako; hain zuzen ere, sindikatuetatik, herri kolektiboetatik, unibertsitarioen protestengandik... eta, nola ez, hedabideetatik. Hedabideek ezinbesteko garrantzia dute debate horren hedatzaile diren (edo izan beharko luketen) heinean.

Hainabat herri kolektibo ("AHT gelditu!", "Baga Boga" plataforma, "Araban No TAV" plataforma, "Asamblea anti-TAV"...) mugitu egin dira, baina ez da lortu jendetza kopuru handiak biltzea, ez da egin manifestazio erraldoirik eta, beraz, egin diren ekintzak ez diote presioa suposatu gobernuari. Horren errudun nagusien artean komunikabideak kokatzen dira, gaiari beharbesteko garrantzia eskeini ez diotelako, telebistan eman zaion trataera gainetikoa eta propagandistikoa izan delako...


Jendeak gaia kritikatu ezin izana aitortzeak (ezagutza faltagatik) aski argi erakusten du informzaioari dagokionez egon den hutsune larria. Dimentsio hauetako erabakiak gizartean ezagutarazi behar dira, debate soziala ahalbidetuz. Kontrobersia handia sortzen duen gaia bada, gainera, kontsulta publikoa egitea (loturapekoa) posible litekeela uste dut, baina betiere gizartea ongi informatu osteko urratsa liteke hori. Izan ere, momentuz AHT-ren ibilbide zehatzik ez da helarazi, afektatutako jabeei emango zaizkien indemnizaioez ez da ezer esan, zeintzuk izango diren ondorioak paitratuko dituzten lurren zerrenda zehatzik ez da igorri (ezta administrazio kontseiluei ere)... Beraz, telebistan presentzia handiagoa izan beharko luke gaiak, egunkarietan lehentasuneko orrialdeak eskeini, kalitateko informazioa izan (ez propagandistikoa)... eta, ondoren, kontsulta.

No hay comentarios: