viernes, mayo 12, 2006

Kultura politikoa Euskadin eta Venezuelan: konparaketa.

Herrialde baten kultura politikoa bertan ematen diren sozializazio bideen ondorioa da (familia, eskola, lana, hedabideak, sindikatuak, enpresarioak, eliza, armada, alderdi politikoak, gizarte klaseak, herri mugimenduak…), baina, batez ere, sozializazio politikoaren ondorio. Horrek, jakina, ez du esan nahi, herrialde baten nagusi den kultura poltikoa besterik ez dagoela, horrekin batera azpikulturak eta kontrakulturak era aurkitu daitezkeelako. Baina bi herrialde hauen kultura politikoa alderatzeko, bertan nagusi diren korronte poltikoak, izaerak… haintzat hartuko ditut horiek baitira menperatzaileak (Marx-ek zioen bezala, klase batek bestearen gaineko botere materiala zein izpirituala (ideologikoa) ezartzen baitu).


► Estatu mota:
Venezuela: errepublika federala da (1961ko konstituzioatik). Espaniarekiko independentzia 1811an lortu zuten, Kolonbiako Errepublika osotuz Nueva Granadarekin (Kolonbia) eta Quitorekin (Ekuador). Venezuela Kolonbiatik independente bihurtzen da 1831an (horretan mugimendu separatistek eragin handia izan zuten).

Euskadi: Estaturik gabeko nazioa da. Espainiako estatu monarkikoaren barne dago, baina askok hori onartu ez eta independentzia eskatzen dute.


►Kultura:
Venezuelako kultura 3 kulturen arteko nahasketaren ondorioa da: indigena, afrikarra eta espainola. Lehenengo biak, gainera, tribuen araberako azpikulturetan banatzen ziren. Transkulturazio prozesu baten ondorioz, gaur egungo egoerara iritsi ziren. Indigenen influentzia, hiztegiko hainbat hitz eta gastronomiara mugatzen da. Antzekoa gertatzen da kultura afrikanoen ondaerarekin (hauek, gainera, musika, tanboreak, utzi bazuten ere). Bereziki, espainiolen kulturak izan zuen eragina Venezuelan, batik bat, Andaluziako eta Extremadurako pertsonenak, izan ere, bertokoak ziren Venezuelako kolonietan zeuden espainol gehienak. Espainolek musika, arkitektura, hizkuntza, erlijio katolikoa, zezenketak... utzi zituzten.

Beno, esan beharra dago indigenen talde minoritario batek euren kulrura ia ukigabe mantentzen dutela, baina gutxienak dira (hiritik urrun bizi direnak), izan ere, beste kulturekiko harremanak transkulturizazio prozesu sahietsi ezina sortzen dute.

Euskadiko kultura, orokorrean, kultura okzidental kapitalistan barneraturik dago, maila ikontzientean den kasuetan bada ere (kapitalismoaren aurkakoak garenok ere haren bizimoduaren partaide gara). Maila zehatzago baten, euskaldunok estatuarekiko diferentea den nortasun bat dugu, historikoki, antzinatik, datorkiguna: elikatze ohitura batzuk, kirola mota batzuk (esku pilota...), dantzak, musika... herri folklorea azken finean.


►Politika:
Venezuelan, Hugo Chavez da presidentea eta parlamentua kolorebakarrekoa da. Gaur egun, Chavistek sortutako 1999ko "Constitución de la República Bolivariana de Venezuela" dago indarrean, zeinak desentralizazioa, soliraditatea, justizia soziala, herrien autodeterminazioa... aipatzen dituen. Konstituzioari Venezuelako biztanleen %80-ek eman zioten onarmena (Euskadin, ordea ezezkoa eman zitzaion 1978ko Espaniako konstituzioari, beraz, alde horretatik, diskonformitatea nabariago da Euskadin).

Venezuelan estatua da nagusi, bizitzaren arlo gehinetan hartzen du parte, baita ekonomian ere. Lana sustatzea helburu nagusien artean dago eta, izatez, administrazio publikoak langile ugari hartzen ditu xede horrekin (askotan beharrezkoak ez diren arren). Gainera, Estatuak, konstituzioaren arabera, enpresa txikia eta ertaina bultzatzen du.

Venezuelan Gomez-en diktadura egon zen 1908-1935 bitartean eta Pérez Jiménez-ena 1952-1958 bitartean.

60ko hamarkadan zehar doktrina marxistak, indigenak, iraultzaileak... inadar handia izan zueten. 70ko hamarkadetan ideologia horien beherakada etorri zen, gaur egun horien berragertze txikia eman den arren. Bestalde, marxismoaren influentziaren beherakada horrek katolisizmoaren gorakada azaldu lezake: izan ere, marxismoaren doktrinak jendea maila ezpiritualean betetzen bazuen, horren desagertzean sinesmen erlijiosoaren gorakada etorri zen.

Chavez-en mezua, korrupzioaren aurkakoa, nazionalista, demokraziaren aldekoa... aberatsen aurkako alternatiba bezala aurkeztu zen pobreen artean. Gauzak horrela, MVR-aren inguruan (Movimiento V República, Chavez-ek 1997an sortutako alderdia) Polo Patriótico izeneko frentea sortu zen, non Venezulako ezkerra bildu zen: Venezuelako Alderdi Komunista (PVC), Patria Para Todos (PPT) erakundea...

1998an Hugo Chavez-ek (Polo Patriótico alderdiak) hauteskundeak irabazi zituen, pobreen aldeko eta aberatsen kontrako diskurtso populista batekin (garai hartarako partidu tradizionalek oso narrioturik zeuden). Ordutik gero, herriak behin baino gehiagotan berretsi dio konfidantza (konstituzioa onartzean, adibidez), baina burgesiak zein enpresarioek (baita hedabide pribatuetako kazetariek), ordea, haren aurkako jarrera agerian utzi dute. Oposizioaren protestek (oposizioko 5 taldeak plataforma baten bildu ziren: Coordinadora Democratica) 2004ko abuztuaren 15an erreferenduma ospatsea eragin zuten, herriak Chavez-ek gobernuan jarraitzea nahi ote zuen adieraz zezan. Izan ere, 2002ko apirilaren 11an estatu kolpea eman zuen oposizioak, Chavez bi egunez boteretik kentzea lortu zutelarik, baina Chavez berehala kontrakolpea eman eta boterea berreskuratu zuen. Hortik aurrera oposizioaren protestak jarraitu zuten (baita Chavistenak ere) arik eta erreferenduma egitea beharrezkoa egin zen arte. Gero, erreferendum-aren emaitzekin, oposizioa isilarazi zuen eta, gainera, erreferenduma ostetik oposizioa banandu egin zen. Erreferendum-ean partizipazioa % 69.92 koa izan zen eta, horietatik, %59.10-ek Chavez-en alde egin zuten (% 40.64 kontra).

Gainetik aipatuko dut, erreferenduma egiteko beharrezkoak ziren sinadurak lortzeko prozesuan hainbat eskandalu egon zela (batzuek zioten sinadura faltsu ugari egon zirela, besteek sinadura baliagarriak alboratu zituztela…). Baina grabeena sinadura horien publikazioa izan zen eta, betiere oposizioaren esanetan, Chavez-en aurkako sinatzaileen despiduak administrazio publikoetatik. Hemen badirudi ez batzuek ez besteek ez zutela guztiz garbi jokatu, izan ere, enpresa pribatuek ere euren langileak bortzatu omen zituzten Chavez-en aurkako sinadura eskeintzera.

Erreferendum horren ondorioak, oposizioaren baretzeaz gain (oposizioak mobilizazioarako ahalmena galdu zuen), Chavez-en indartzea ekarri zuen. Honek nazioarteko politika aktiboagoa egiten hasi zen hortik aurrera, Bush-ri eginiko kritikak areagotu zituelarik (Bush-ek Venezuelako oposizioa finantzatzen duela jakina da).

2005ko abenduan hauteskunde parlamentarioak izan ziren. Abstentzioa izugarri altua izan zen (soilik %25-ko partehartzea egon zen), oposizioko alderdiek boikota egin nahi izan zuten, euren esanetan hauteskunde horiek ez baitzirelako garbiak izango. Bozkatu zutenek, Chavez-en alde egin zuten %89 baten.

Kanpo-politikan, Chavez Bush-en eta kapitalismoaren aurka dago eta Castroren eta iraultza sozialaren alde.

Euskadin, ezaugarri nagusia estau zentralizatu baten menpe egoteak sortzen duen dikotomia da. 1978ko konstituzio espainiarrak eta EAEko autonomi estatutoak ezarritako marko legalean murgiltzen da gizartea.

Gobernua 3 alderdien koalizio batek osotzen du (EA, EAJ eta Ezker Batua), baina horrez gain, parlamentuan beste talde batzuk aurkitzen ditugu: PSOE, PP, EHAK eta Aralar, hurrenez hurren.

Bi estatuetan, teorian, genero berdintasuna sustatzen da, lan baldintza egokien alde egiten da (segurtasuna, higienea, 8 orduko lanaldia, esplotaziorik eza...). Desberdintasun nabariena estatuaren parte hartzea da eta jabetza pribatuarekiko ideologia kontrajarriak (bi herrialdeetan jabetza pribatua existitzen den arren, Venezuelan estatuko errekurtsoak, enpresa nagusiak... arlo publikoari dagozkie).

Bi herriladeetan nazionalismoak lekua du (bata nazionalismo autonomikoa izan eta bestea estatu nazionalismoa izan arren, izan ere biak patriotismo sentimenduak dira). Baina Euskadin, nazionalismoa askoz ere indar handiagoa du, izan ere independentista (edo maila leunagoetan autonomista) den nazionalismoa izanik, etengabe elikatu beharra dago, helburu bat lortzera bideratu behar baita. Estatuaren aldeko patriotismoa, ordea, lasaiagoa izateko aukera du, normalean.


► Erlijioa:
Bi herrialdeetan katolisizmoa da ngusi .Venezuelako konstituzioan jainkoari aipamena egiten zaio eta biztanleriaren %96-a katolikoa da (bere burua hain iraultzailetzat duen presidentearen diskurtsoan inkoherentzia bat dela uste dut).


► Armada:
Euskadin armadaren kontrako sentimendua da nagusi, gainera, giro abertzale hain zabalduan, Espainiako inposiziotzat jotzen den erakundea izateak gauzak larriagotu egiten ditu. Venezuelan, ordea, armada herriaren defendatzailea da, denona, eta bigarren postuan aurkitzen da herriak eskeintzen dion konfidantzari dagokionez.


► Ekonomia:
Venezuelan estatuak esku hartzen du Euskadin baino maila askoz ere handiago baten. Errentaren birbanketaren garrantzia handiagoa dela suposatzen dut. Fondo Único Social delakoaren bitartez elikatzen dira Osasun Ministerioa eta Kontu Sozialen Ministerioa. Horren bidez, eskola uniformeak, eskola jantokiak, sendagaien horniketa, zaharren zaintza, komunitatearen garapena... finantzatzen dira. (Historikoki, eskuhartze handiarako joera izan duten herrialdeen arazo bat izaten da enpresak ez dutela euren ahalmen lehiakor osoa garatzen, estatuak babesa ematen dielako). 2001an Chavez-ek Banka nazionalizatu behar zuela adierazi zuen (oraindik egin ez duen arren).
Gainera, Venezuelako gobernuak bere industri nagusiaren jabe da: Venezuelan petrolioa nazionalizaturik egon da diktadura garaietatik, estatuko PDVSA petrolio-industriak ustiatzen duelarik. OPEP-ren kide da Venezuela. Bestetik, esan beharra dago petrolioaren gehiegizko dependentzia dutela Venezuelan, petrolioaren prezioek altu daudenean ekonomia hobeto dihoa, baina prezioek behera egiten dutenean ekonomiak krisia izaten du. Petrolioa Venezuelako ekonomiaren industria garrantzitsua izan arren (esportazioen %70-a suposatzen du eta BPG-aren %25-a), lanpostu gutxi sortzen ditu (Venezuelako lanpostuen %1-a baino ez).

Petroleoaz gain, Venezuela errekurtso naturaletan herrialde aberatsa da: gas naturala, ikatza, burdina, kobrea, urrea... Baita kakaoa, kafea...

Bestalde, Venezuela orain MERCOSUR-en sartu berria da (Aurretik CAN-aren kide izan zen, hots, Comunidad Andina de Naciones-ren kide). Aipatu beharra dago Chavez-ek izan dela AEBk azken boladan proposatzen ari duen TLC-ari (Tratado de Libre Comercio) sutsuen aurre egin diona. AEBko proposamen horren aurka Chavez-ek ALBA (Alternativa Bolivariana para las Américas) proposatu zuen. Kubak proposamen hori sinatu zuen 2005an eta Boliviako Ebo Morales-ek sinatu berri du. Euren esanetan integrazio erregionalean eta solidaritatean oinarritutako akordioa da eta ez, ordea, lukroan oinarritutakoa.

ALBA-ren nondik norakoak ez ditut zehazki azalduko, ez baitagokio artikulo honi, baina datu aipagarrienak emango ditut: Bolivia izango da herrialderik faboratuena. Venezuelak beharrezkoak dituen krudoa eta hidrokarburak hornituko dizkio Boliviari, baita aholkularitza legala eta teknikoa eskeiniko dio Boliviak polo industrial petrokimikoa sortu dezan, bekak eskeiniko dizkie Boliviako ikasleei, etab. Kubak, bere aldetik, osasunaren inguruko laguntzak eskeiniko dizkio (hospitaleak...), baita alfabetizazioarako medio tekniko eta didaktikoak, bekak Boliviako ikasleentzat... Horren truke, Boliviak bertoko produktuktuak (soja, adibidez) eskeiniko dizkie Kuba eta Venezuelari.

1999. urteko atzeraldi txikiaren ondoren, Venezuelako ekonomiak hazkundea bizi izan zuen, 2001ean BPG-ren hazkundea %2.1-koa izan zen. Baina 2003an, ezegonkortasun politikoaren ondorioz (protestak, greba orokorra...) BPG-a %8-ko beherakada jaso zuen. Dena den, 2004an, %14-ko igoera jaso zuen BPG-ak eta 2005an %9.4-ko igoera (bi urte hauetako gorakadek munduko gorakada handienetarikoa izanik, eta kontinenteko handiena), erreferendumaren ostean egonkortasuna etorri baitzen eta horrek ekonomiaren hazkundea ahalbidetu zuelako.

Gaur egun, Venezuelako langabezi tasa %10.1 inguruan kokatzen da (2006ko martxoan), baina Venezuelako arazo larriena arlo honetan lanaren informaltasuna da. Langileen %46.1-ek era informalean egiten dute lan. Dena den, zifra horiek hobetu dira aurreko urteekiko (langabezi-tasa: 1999an %15-16koa, 2003an %19koa, 2004an 15-16koa; langile informalak: 2000tik-2005ra %52 inguru). Pobreziari dagokionez, 2000an datuak hobetu egin ziren Chavez-en politika sozialei esker, baina orain berriro txarrera joan da. Hala ere, hori errentari dagokionez, izan ere, osasun-laguntza, eskolaritatea, etab. bezalako faktoreak haintzat hartzen badira, egoera hobetu egin da, Chavez-en planen ondorioz: Doako osasun-laguntza (Plan Barrio adentro I eta II), lan eta prestakuntza planak (Plan Vuelvan Caras), elikagaien banaketa merkatuko preziotik behera (Misión Mercal)... Guzti hau petrolioaren irabaziekin finantzatu egiten da.

Oposizioak, halere, gauza ugari leporatzen dizkio Chavez-i: korrupzioa, medioei eginiko presioa... baita hainbat talde terroristei (ETA euren artean) ustez eskeiniktako laguntza ideologiko eta ekonomikoa (oposizioaren esanetan, betiere).

Euskadiko ekonomia hurbilagoa izanik ez du deskribapen luzearen beharrik. Euskadin liberalismoa da nagusi (nahiz badakigun guztizko liberalismoa existitzen ez dela eta beti sektore ahulenak babesten direla.). Europar Batasunean murgildurik are liberalagoa bihurtzen ari da (Bolkestein direktiba beldurgarria edo Boloniako prozesua bezalako proiektuak bultzatzen ari dira Europatik). Jakina, ongizatearen estatua nahiko zabalduta dago ere, eta saeguru soziala, hezkuntza, pentsioak, langabezia... bermatu egiten dira.

Ekonomikoki Euskadi oso herrialde gratua da, datu oso asebetegarriak ditu, Europa mailan alderatzekoak. Arazo larri bi ditu ordea: etxebizitzarena eta langabezi tasa altuarena.

Azken datua aipatzearren, Venezuelako biztanleriaren gehiengoa adin produktiboan dago. Euskadin, aldiz, biztanleriaren zahartze prozesuaren ondorioz, gero eta gutxiagoren artean eutsi behar dira adin helduko pertsonak. Horrek, alde horretatik, esfortsu ekonomiko handiagoa suposatzen dio Euskadiri, zerga handiagoak... Nahiz eta pobrezia-mailaren ondorioz, orotara, Venezuelari eskatutako esfortsuak handiagoak diren.


► Komunikabideak:
Venezuelan ezin daiteke adierazi prentsa askatasuna dagoenik eta horrek, berez, demokrazia zalantzan jartzen du. Alde batetik, demokrazia arruntetan pentsaezina den fenomenoa ematen da: Venezuelako Errepublika Bolivarianaren presidenteak, Hugo Chavez-ek, iganderoko programa du Irrati-telebistaz igortzen dena: “Aló presidente”, ustez, presidentearen eta herritarren arteko komunikazio parteharztailea sutatzeko asmoz sortua. Horrek, berez, komentario gehiagoren beharrik ez du, baina, gainera, hedabide pribatuek askatasun osoz jokatu ezin dutela saltasen dute etengabe (egitez, hedabide pribatuak Chavez-en aurkakoak dira).
Euskadin gobernuaren menpeko hedabideak daude baita ere, erakunde publikoak diren heinean, baina Euskadin oposizioko hedabideek ez dute Venezuelan jasandako errepresio hain nabaria izaten (halere, esan beharra dago guztizko aniztasuna ere topatzen ez dela, internet-en salbu; eta pluraltasun horren parte diren guztiek, gainera, ez dute indar bera. Ezin konparatu EITB komunikazio taldearen indarra, irrati libre baten indarrarekin. Baina hemen, behintzat, prentsa askatasunaren eskubidea demokraziaren parte bezala onartzen da (gero manipulazioak, presioa, babesak… egon daitezkeela ukatzen ez dudan arren). ETBko informatiboak ez ditu Ibarretxe lehendakariak ematen, baina Venezuelan, aldiz, presidenteak orduak ematen ditu programa bat aurkezten. Hedabideek, bereziki telebistak, duen indarra kontutan hartuz, kontu hori nahiko esanguratsua da.


► Hezkuntza:
Venezuelan, alfabetizazio planak daude martxan (Robinson planak), baita Ribas eta Sucre misioak ere, batxilergoa eta unibertsitatea, hurrenez hurren, sustatzeko asmoz. Eta datuak hoberantz jo dutela ukaezina da: Chavez gobernura iritsi zenean eskolaratze tasa %55koa zen, 2002an tasa %65an kokatu zen. Hezkuntzara bideratutako dirua BPG-aren 2.8tik BPG-ren %6-ra igaro zen denboraldi berean (egitez, gastu publikoa, orokorrean, gora egin du izugarri). Halere, irakurtzen ez dakiten venezolanoen kopurua altuegia da oraindik (1.5 milioi pertsona).
Euskadin eskoleratze tasa oso altua da. %100-tik gertu lehenengo eta bigarren mailako hezkuntzan (derrigorrezkoa da), %70tik gertu E.S.O-an eta %30 inguru Batxilergoan. Goi mailako hezkuntzan (unibertsitarioa zein ez unibertsitarioa), aldiz, %50tik gertu dabil (ez naiz okertu batxilergoaren eta unibertsitatearen zifra hauek ematean, desfasearen arrazoia izango da denek ez doazela unibertsitatera zuzenean batzilergotik, baizik eta beste moduloetatik...).


► Sindikatuak:
Venezuelako sindikatuek estatuaren esku sartzea garapen ekonomikoaren faktore ezinbestekoa dela uste dute. Sindikatuek garrantzi handia izan dute Venezuelan, bereziki, sistema demokraztikoaren etorrera eta sendotzean; baita, erreforma laboralak bultzatzearen bidez, sistema eustean. Sindikatuen konfederazio nagusiak honakoak dira:

- CTV (Confederación de Trabajadores de Venezuela), bertan ehundaka sindikatu biltzen dira (estatuko gehienak biltzen ditu, langileen %18-a, alegia). Acción Democratica alderditik hurbil kokatzen da. Hugo Chavez presidenta eta CTV-aren arteko harremanak gatazkatsuk dira.
- CODESA (Confederación de Sindicatos Autónomos). Elizarekin eta COPEI alderdiarekin (alderdi sozialkristaua) harreman estuak ditu.
- CUTV (Central Unitaria de Trabajadores de Venezuela). Venezuelako Alderdi komunistatik gertu (PCV). Chavez-en aldekoa.
- CGT (Confederación General de Trabajadores). CMT (Confederación Mundial del Trabajo) delakoaren eta CLAT (Central Latinoamericana de Trabajadores) delakoaren kide da. CODESA-K COPEI-rekin zituen harremanak onartzen ez zituzten disidenteek sortu zuten.
- UNT (Unión Nacional de Trabajadores) 1450 sindikatu inguru, bi milioi afiliatu, Chavez-en aldekoa.

Euskadi:
- LAB (Langile Abertzaleen Batzordea). Ezker Abertzaletik gertu.
- ELA (Euskal Langileen Alkartasuna). EAJ-PNV-tik gertu.
- ESK (Ezker Sindikalaren Konbergentzia). Ezkeitiarra.
- CCOO (Comisiones Obreras). Ezker Batutik gertu.
- UGT (Unión General de Trabajadores). PSOE-tik gertu.
- ESTEE-EILAS (Euskal Herriko Hezkuntza sindikatua).
- ATTU (Agrupación de Trabajadores de Transporte Urbano).
- ...

Ikusi daitekeenez, alderdien (edo korronte politiko jakinen) eta sindikatuen arteko harreman estuak, nabariak dira bi herrialdeetan.


► Mobilizazioarako joera:
Euskal aktibismo sozialak, beste herrialdeekin alderatuz, oso kopurutsua eta esanguratsua da. Gai desberdinen gaineko mobilizazio ugari ematen dira (antimilitarismoa, feminismoa, giza eskubideak, ekoligismoa, sexualitatea, gazteak, osasuna...) eta neurri batean arrakastatsuak dira, euskal sistema politikoaren gain eragina dutela ezin baitaiteke uka. Euskal Herrian gizarte mugimenduen fenomenoak beste herrialdeetan baino indartsuagoa izatearen arrazoia, gure herriaren testuinguruan aurkitu daiteke. Izan ere, mugimendu bakoitza herrialde baten ezaugarri historikoen, kulturalen, politikoen... araberakoa da. Frankismoarekin euskal kulturak eta euskarak jasandako errepresioak, abertzaletasuna eta euskal mobilizazioak elikatu zituen. Euskal Herriak Espaniako konstituzioari eman zion ezetzean, Espaniako politikarekiko zuen diskonformitatea erakutsi zuen. Euskal Herrian abertzaletasun sentimedua oso zabalduta dago eta giro horretan, ezinbestez, euskalherritarrek besteak baino disidenteagoak izan behar dute; historiak markatu duelako errepresioaren aurkako erresistentziarako joera hori. Izaera mobilizatzaile horrek, antolatzeko ahalmena, ekimenak sustatzeko gaitasuna... indartuz joatea eragin du, arik eta gaurko egoerara iritsi arte, non Euskadin gainontzeko probintzietan baino herri mobilizazio gehiago eta eraginkorragoak dauden.

Hemen aipa daiteke Espainiar estatuan derrigorrezko soldaduzkaren abolizioa gertatu zenean, intsumisonen mobilizazioei esker gertatu zela neurri handi batean eta, gainera, Euskadiko intsumisoek Espainiar estatu osoko intsumisoen gehiengoa osatzen zutela. Ekimen ekologistek ere zenbait proiektu kutsakor geldiarazi dituzte (nahiz gehienetan kasu handirik egiten ez zaien). Gaur egun, bake prozesuan murgildurik gaudela, esan daiteke baita ere, gizarteak horren alde egin dituen manifestapenek eragina izan dutela. Beraz, mobilizazioek ondorioak izan badituztela ukaezina da. Gainera, beti euren helburuak lortu ez arren, askotan euren ahotsak instituzionalizatu egiten dira, euren gaiak agenda politikoetan barneratuz ("berdeak", "feministak"...). Gizarte mugimenduek, beraz, demokrazia areagotu dute. Eta nire ustez garrantzitsuena dena, pentsamolde zaharkituak aldatzeko gai dira (askatasun sexualaren inguruan...).

Autodeterminazioaren inguruko herri mugimenduek, dudarik gabe, mobilizazioen testuinguru orokorrago bat bultzatu dute eta, gehienetan, berau baldintzatu ere, bere hastapenetan behintzat (Frankismoaren azken urteetan sortu baitziren ekologismoa edo feminismoa bezalako gizarte mugimendu berriak eta giro politikoatik ezinbestez edan behar izan zuten). Kontua da gaur egun oraindik ere Euskal naziotasun sentimendua eta haren inguruko erreibindikazioak, eguneroko ogia direla eta gizarte mugimenduak giro horren barnean kokatzen direla, haren eragina jaso dutelarik, izan ere bai gizarte mugimenduek nola nazionalismoak estatuari aurre egin behar diote eta, ondorioz, elkar eragiten diote eta batzuen eta besteen tresnak zein gizarte sareak askotan lankidetzan aritzen dira (beste askotan desadostasunek hori ahalbidetzen ez dutela esan beharra badago ere).


Venezuelan, herriaren organizazio prozesua anitza eta iraunkorra izan da: Planifikazio Publikoko Kontseilu Lokalak, Uraren Mahai Teknikoak, Zirkulu Bolivarianoak, Federazioak, Sindikatuak, Erabiltzaileen Batzordea...

Aipatzea dago ere, Venezuelan ekologismoaren izpiritua nabaria dela baita ere, izan ere, Venezuelan modelo ekonomiko humanitario baten alde egiten da eta, kontzepzio horretan, ingurugiroarekiko errespetua ezinbestekoa da.

1989-1999 bitartean, mobilizazioak eta herri ekimenak ezinbestekoak izan ziren, errebindikatzen zituzten giza eskubideak 1999ko konstituzioan sar zitezen. Eskubideak konstituzioan sartu arren, batzuk urratu egin direnez, hortik aurrera giza talde ugari mobilizatu egin dira eskubide horien defentsan (oposizioko taldeak, bereziki). Adibidez, 2004ko erreferendum hartarako, SUMATE izeneko herri erakundeak piztu zuen sinaduren biltze-kanpaina hura. Bestalde, Chavez-ek ez da kapaza izan masak kalean mugiarazteko (adibidez Castrok lortzen duen era berean).

Esandakoa esan arren, Venezuelako partehartze politikoa euskadikoa baino murritzagoa da. Venezuelako gobernu desberdinek, alderdien ekintzara murriztu izan dute politika, partehartze demokratikoaren beste bideak oztopatuz. Nahiz, esan bezala, herri ekimenak ugari izan diren, batez ere, 60ko hamarkadatik aurrera.


► Kirola:
Venezuelan gehien bat praktikatzen den kirola, liga lokaleko beisbola da. Herrialdearentzat oso garrantzitsua da Venezuelako ligaren ibilbidea jarraitzea AEB-tako beisbolaren ligan. Futbolak jarraitzaile gutxi ditu (orain gehio, Venezuelako selekzioaren nazioarteko partehartzearen ondorioz, baina ez da masa kirola, soilik Táchira, Mérida eta Treujillo inguruetan kontsideratu liteke masa kirola).
Euskadin, Futbola da, alde handiaz gainera, kirol ospetsuena; hemen masa kirola da. Gainera, gahienek euskal futbol talde baten aldekoak dira. Aipatzeko da Athletic taldeak ez duela atzerriko jokalaririk onartzen, horrek Euskadiko nortsun sentimendua noraino iritsi daitekeen adierazten duelarik.
Bi herrialdeetako kirol-zale gehienentzat, kirol taldeak euren herriaren ordezkari papera hartzen dute eta kanpoan jolasten dutenean, "guk" irabazteko grina izaten da partiduei emozioa gainarazten diona. Bai Venezuelako selekzioa (beisbolean) AEB-tara doanean, nola euskadiko selekzioa (futbolean) atzerri mailan jokatzen duenean (partidu adiskidetsuak izan arren), herriak bere kirol-taldearen koloreak defendatzen dituenean, bere herrialdearen banderaren koloreak defendatzen ditu modu zeharka baten (ni ez naiz kirolzalea, baina kanpotik ikusita hala dirudi behintzat).


ONDORIOAK:

Bi herrialdeek hainbat gauza dituzte amankomunean (iragan diktatorialak, gizarte polarizatua...), baina herrialde zeharo desberdinak dira: bata kapitalista, bestea ezkeitiarra, "sozialistagoa"...

→ Euskadiko gizartean dagoen polarizazio nagusia abertzaletasuna/ez-abertzaletasuna bada (klase-gatazka 2. edo 3. mailako arazoetara baztertzen da), Venezuelako dualtasuna aberats eta pobreen artean ematen da, maila orokor batean bi bloke horiek "Chavistek" eta "Chavez-en aurkakoek" ordezkatzen dituztelarik; ezkeitiarrak vs. kapitalistak, burgesak, enpresarioak (nahiz eta esan beharra dagoen Chavez-ek ezkeitiar erradikal batzuk ere dituela oposizioan). Chavez-ek polarizazio horren sustatzaile da (herria/oligarkia, aberats/pobre...). EA-EAJ esukaldun/espainol polarizazioaren bultzatzaile den modu berean.

→ Bai Venezuela nola Euskadi herrialde mobilizatuak dira, baina Euskadin kultura mobilizatzailea sakonagoa eta anitzagoa dela uste dut. Jendea kalera doa gai ugari defendatzera, nahiz eta, orokorrean, nazionalismoak eragin handia duen herri ekimen guzti horietan. Venezuelan, aldiz, mugimenduak herrialdearen polarizazioaren menpe daude: jendea, gehienbat, kalera doa Chavez-en alde egitera edo haren aurka jotzera. Gaur egun behintzat, izan ere, demokrazia ezartzeko bidean mugimendu sozialek berebiziko garrantzi izan zuten errepublika bolivarianoan.

→ Euskadin kapitalismoa, eskuina, indibidualismoa etab. nagusi izateak eta Venezuelan sozialismoa, ezkerreko ideiak, anti-indibidualismoa... alde handia markatzen du bi gizarte hauen artean. Euskadin, sektore iraultzaileagoetan behintzat, antiamerikanismoa ikusi daitekeen arren, Venezuelako antiamerikanismoari ezin zaio konparatu (sarri Chavez-en kritika gogorrak, batzutan umoristikoak, ikusten ditugu hedabideetan).

Badirudi, Venezuelan langileen mugimenduak indar handiagoa duela gaur egun, Euskadin baino (nahiz, esan bezala, sindikatuekiko konfidantza Venezuelan nahiko txikia izan). Euskadin bere garaian indar handiagoa izan zuen, eta gaur arazo konkretuen aurrean manifestatzen diren arren (bereziki deslokalizazio prozesuen aurrean, lan istripuak...), jada ez dira beste garaietako mobilizazio masibo eta orokorrak (beste garaietako eskakizun masiboak jada lortuak ditugulako, agian: 8 orduko lanaldia...).

→ Bi herrialdeen bizi maila desberdinek ere, jakina, diferentziak markatzen dituzte (Venezuelan egiten diren eskakizun batzuk, adibidez, aspaldi gaindituak ditugu hemen). Izan ere, ezin ahaztu eurek alfabetizazio planekin... dabiltzatela. Venezuelako eskolatze maila, are gehiago unibertsitatea kontutan hartuz gero, Euskadiko mailatik urrun geratzen da eta horrek ezinbestez politikan eragiten du. Hori dela eta, uste dut nik, Venezuelan Chavez-en populismoak horrenbesteko arrakasta duela. Pobrezia eta hezkuntza maila apala elkartzen direlako bertan eta, ondorioz, Chavez-en errebindikazio sozial, ezkeitiar, antikapitalistak... penetrazio erreza dute. Suposatzen dut hezkuntza maila handiagoarekin eta kultura politiko garatuago batekin, Chavez-en hainbat jokaera arbitrarioak ezkeitiarrak direnek ere kritikatuko luketeela (adibidez hasieran aipatutako komunikabideen gaineko eskuhartzea). Hala ere, hezkuntza mailarena Kubako adibidearekin zapuztu liteke, bertan ere Castroren gobernu populista baitago, bertan gehienok unibertsitatera badoaz ere. Gertatzen dena da, beraz, herrialde horietan antinperialismoa, antikapitalismoa... nagusi dela eta ideologia horiek bideratzeari nagusitasuna ematen dietela hainbat askatasun nagusiei (adierazpen askatasuna, bereziki) uko eginez; kontua da horretaz jabetzen ote diren. Hezkuntza maila minimoa dutenek horretaz jabetu beharko liratekeela suposatzen dut nik, beraz, Kubako fenomenoa ulergaitz egiten zait. Izan beharko da alternatiba hobeagorik ikusten ez dela, oposizioa zeharo erreprimituta dagoela, AEB-ei dioten gorrotoa biltzen diela... edo faktore guzti horiek batera ematen direla. (Beno, egia esan pixkat bai ulertu egiten dut, nik neuk diktadorea dela jakin arren, politiko demokratiko batzuk baino hobea kontsideratzen dudalako).

→ Bi herrialdeetako kultura politikoak eraikitzeko orduan, hedabideen garrantzia oso handia da. Gizate zibilaren aktore politikoak eta bere ekintzak medioen bitartez ezagutarazten dira. Komunikabideetan egiten da politika gaur egun eta, beraz, euren bitartez eraikitzen da legitimitate politikoa, iritzi publikoa... Bi herrialdetako gobernuek (eta oposizioak) aitortzen diote garrantzia medioei: Chavez-ek asteroko programa du, baina Euskadin ere lider politikoek telebista aurrean agertzea bilatzen dute etengabe (adierazpenak, prentsaurrekoak...), guztia detailera zaintzen delarik (ematen zaion baliagarritasunaren adierazle).

→ Venezuelan alderdi politikoek izugarrizko desprestigioa dute (instituzio demokratiko guztietan gaizkien baloratuta dagoena da, ulergarria hainbeste hamarkadetako korrupzio etengabearen ondorioz). Daturik aurkitu ez dudan arren, somatzen dut euskaldunek ere ez diogula erabateko konfidantza eskeintzen alderdi politikoei (hauteskundeetan abstentzio handia egoten da...), baina hemengoa ez da Venezuelako egoeraren parekoa.

→ Uste dut Venezuela Euskadi baino herrialde homogeneoagoa dela: denek hiskuntza bera (espainiola) hitz egiten dute, gehiengoa katolikoa da, arraza berekoak... beste herrialde heterogenoagoen (Iraq, Sudán...) gatazkak ekiditzen direlarik homogeneotasun horrekin. Euskadi ez da hain homogeneoa, eta aipaturiko Iraq-en edo Sudán-en ematen direnak gertatu ez arren, abertzaleen eta ez abertzaleen arteko tentsioa nabaria da (ETA-ren su etenerarte, gainera, gatazka armatua zegoen).

No hay comentarios: